XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

10.3. MOTORE ASINKRONO TRIFASIKOA

Motore asinkrono trifasikoa, gaur egun, industrian erabilienetarikoa da, sinplea eta mantenimendu gutxikoa baita.

Bere funtzionamendua indukzio elektromagnetikoetan oinarritutako makina elektrikoena da.

Lan egiteko modu arruntena abiadura konstanteaz bira egitea da, eta abiadura hori, finko samar mantentzen du kargaren balio desberdinetarako, abioa momentu handia emanez hasten delarik.

Motore asinkrono trifasikoaren abiadura maiztasunaren eta polo-kopuruaren menpe dagoenez gero, abiaduraren balioa aldatzea maiztasun-aldagailu elektronikoen bidez lortzen da.

Bi motako motore trifasiko asinkronoak daude, batik bat errotore-motaren arabera: errotorea zirkuitu-laburrean daukana, edo urtxintxa-kaiolakoa, eta harilkatutako errotorea daukana.

10.3.1. Oinarrizko funtzionamendua

Funtzionamenduaren oinarria estatoreak sorturiko eremu magnetiko birakorrak errotoreko harilkatuak ebaki eta biraraztea da.

Hurrengo saiakuntzaren bidez aztertuko da oinarrizko funtzionamendua.

Demagun U itxurako imana daukagula biradera bati atxikirik. Iman horren poloen azpian, ahalik eta hurbilen, material eroalez egindako diskoa dago.

Ardatz baten inguruan bira daiteke eta lurrera konektatuta dago. Biraderari imanak bira egin dezan ekiten zaionean, beheko diskoak ere bira egingo du, pixka bat astiroago imanaren norantza berean.

Biradera / Imana / Diskoa / 10.4. irudia.